Historia
Historia
1802. urtean lortu zuen Lizartzako herriak egun duen maila juridikoa, hiribilduarena alegia. Honek, noski, ez du hemeretzigarren mendera arte Lizartzako herritarrek inolako antolaketa gabe bizi zirenik esan nahi. Aipatu urtean lizartzarrek lortu zutena, Tolosako eskumenetik erabat aldentzea izan zen. Era horretan, 1374. urtetik bi herriak elkarrekin lotzen zituen ituna bertan behera gelditzen zen, behin‐betiko.
Lizartza eta Tolosaren arteko 1374ko batasuna ez zen gertakaera isolatu bat izan. Izan ere, inguruko gainontzeko herrixkek Tolosarekin batzeko erabaki bera hartu zuten. Gisa horretan, Tolosako lege eta araualdipean jartzen ziren. Batasun honekin, besteak beste, Lizartzako auzoak epaitzeko gaitasuna Tolosako alkateak izan ezin, beste inork ez edukitzea lortzen zen.
Horrela, Tolosako eskumenean sartuta, Lizartzako lagunek garai hartako Handikiengandik eta guda girotik babesten ziren. Denbora aurrera egin ahala, baina, eta Gipuzkoako Probintziaren garapenari esker giroa oso bestelakoa bilakatuta, hasiera batean babesa zena oztopo bilakatu zen. Tolosako parte izateak ez zion inolako onura ekarri gure herriari, ez behintzat lotura honek zekarren zama arintzeko bezain bestekoa. Horregatik, beste saio batzuk kale egin ondoren, Lizartzak bere hiribildu maila 1790. urtean lortu zuen. Tolosak luzatu erreklamazio eta elegiteek izendapena 1802. urtera arte atzeratu bazuten ere.